durangoko merinaldearen amankomunazgoa

twitter facebook rss

zarea

Euskaraz bizi

Motibazio saioak

"Gazteek, euskararen erabilerari buruz hausnartzean, erreakzionatu egiten dute"  2015-02-20

Iturria: anboto.org

Euskararen erabileran eragin guran, DBHko 4. mailako eta batxillergoko ikasleekin ‘Zergatik ez?’ motibazio tailerrak eskaintzen dabiltza Itsaso Gangoitia, Meritxel Etxagibel, eta Gorka Madrazo Berbaro euskara elkarteko gazte arloko kideak.

Zer da ‘Zergatik ez?’ tailerra?
Gorka Madrazo: Euskararen erabileran eragiteko tailer bat da. Bakoitzak bere egunerokotasunean zein hizkuntza erabiltzen duen hausnartzea da helburua. Euskara erabiltzeko motibazio saioak dira. Orokorrean, euskararen egoera zein den aztertzen dugu, eta, ondoren, bakoitzaren errealitateari buruzko gogoeta egiten dugu.

Zenbat gaztegaz zabiltzate lanean?
G.M.: 4. DBHko eta batxilergoko 25 taldetan gabiltza Durangalde osoan.Talde bakoitzagaz hiru lansaio egiten ditugu.

Tailer hau gazteei bakarrik zuzendua dago?
Meritxel Etxagibel: Orain arte gazteekin ibili gara, baina beste arlo batzuetara zabaltzeko asmoa dugu. Merkataritzan eragin gura genuke, baita beste eremu batzuetan ere.

Zelan sortu da tailer hau emateko aukera?
Itsaso Gangoitia: Topaguneak sortutako tailer baten eta hainbat euskara elkarteren bidez sortu da. Ikastetxeetan ematen gabiltzan saio hauek Amankomunazgoak finantzatu ditu.

Zelako esperientzia dabil izaten?
G.M.: Orokorrean gazteek oso harrera ona egiten digute. Sarritan, gaiari ez diote garrantzirik ematen, baina momentu batean konturatzen dira datuak zer-nolakoak diren. Gaiaren inguruan pentsatzen hasten direnean erreakzionatu egiten dute. Era berean, aurretik ere kontzientzia hori duten ikasleekin ere topo egiten dugu.  
M.E.: Tailerrak aukera ematen dizu euskararen erabileraren inguruan pentsatzeko eta sentsibilizatzeko.

Euskararen erabilera gazteen arduren artean dago?
M.E.: Datuak plazaratzen ditugunean, gehienak arduratu egiten dira, eta gogoeta egiten dute. Adibidez, Euskal Herriko gazteen %75ek euskaraz dakite, baina erabilera %14koa da. Euskal Herri mailan, %42k euskaraz daki, baina erabilera %14koa da. Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea zein den jakinarazten diegu.
I.G.: Gainera, gazte batzuk oso kontzientziatuta daude, eta prest daude lanerako edo nolabait eragiteko.
G.M.: Sarritan, euskara alde negatibotik lantzen dugu, eta, hirugarren saioan, gai hori alde positibotik lantzen dugu. Munduko 30 unibertsitatetan euskara lantzen da. Munduan zabalduta dauden euskal etxeei buruz hitz egiten diegu. Hiztun kopuruari dagokionez, 6.900 hizkuntzatatik 247. hizkuntza da euskara. Horrelako datuak azaltzen dizkiegu. Gainera, sare sozialak erabiltzen dituztenez, sare sozialetan ere euskaraz jardun daitekeela gogorarazten diegu.

Gazteei zein eredu transmititzen diegu?
G.M.: Ume askori gurasoek euskaraz egiteko esaten diete, eta euren artean gaztelaniaz egiten dute. Eredu horrek eragin handia du umeengan. Telebistaz ikusten dugunak eta inguru osoak eragiten du.
I.G.: DBHko ikasleen adinean, gurasoak beharrean, telebistako protagonistak, aisialdiko hezitzaileak eta kiroletako entrenatzaileak dira erreferente.

Ikastetxe askotan, gazteak euskara batzordeetan daude antolatuta.
M.E.: Sentsibilizatuen dauden gazteak euren ikastetxeetako euskara batzordeetan dabiltza. Batzorde horiekin hartu-emanean jarri, eta elkarlana bultzatzeko proiektu bat martxan jartzeko asmoa dugu. Talde hori handitzen joatea da asmoa. Denok helburu bera dugu: euskarazko guneak sortzea eta euskaraz bizitzea. Beraiek eskolan eragiteko helburua dute, eta guk, berriz, herrian eragitekoa. Beraz, batzordeak beraien artean elkartu, eta komunitate bat sortzea da helburua.
G.M.: Arnasguneak sortu gura ditugu, esperientziak elkarrekin trukatuta.

Zein ikastetxetako euskara batzordeekin zabiltzate lanean?
I.G.: Kurutziagagaz, Frai Juan Zumarragagaz eta Orobiogoitiagaz hasiko gara.
M.E.: Apurka-apurka hasi gura dugu. Proiektu berria denez, hiru ikastetxe aukeratu ditugu, baina haztea da asmoa. Zentro batzuetan Euskara Batzordeak urtetan dihardu, beste batzuetan sortzen dabiltza...
 
Euskararen erabilera bultzatzeko egunerokotasunean zein pauso eman ditzakegu?
I.G.: Euskalguneak sortzea, euskaraz disfrutatzea...
G.M.: Askotan, euskaldunok txikitu egiten gara egoera zehatz batzuetan. Lehenengo berba euskaraz egitean, esate baterako.
M.E.: Erdaldunen bat tartean badago, gazte askok errespetu faltagaz lotzen dute euskaraz berba egitea. Baina errespetu falta zein aldetatik dator?
G.M.: Bi aldeetatik landu beharreko gaia da. Gure jarrera indartu beharko genuke, eta gure egunerokotasunean euskara erabili, eta besteei ere eskaini egin behar diegu euskaraz ikasteko aukera. Euskaraz gutxi dakiena batzuetan beldurrez ibiltzen da berba egiteko, eta espazioa eta lasaitasuna eman behar diogu euskara erabili dezan.

Itsaso, Berbaroko gazte arloan hasiberria zara. Zer moduz?
I.G.: Oraindik kokatzen nabil, baina oso gustura. Orain arte hezitzaile ibili naiz Berbaro elkartearen inguruan eta euskalgintzan, orokorrean.

Euskaraz bizi

atzera
 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Euskaraldia
Euskaraldia

rss Agenda

< Otsaila 2019 >
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
 
 
 

Bidali zure proposamena

Harpidetu
bizkaiko foru aldundia eusko jaurlaritza

Euskara Zerbitzua · Laubideta, 6 · Durango, 48200 BIZKAIA

Telefonoa: 94 623 25 22

euskera.mdurango@bizkaia.org

twitter facebook rss

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna

iametza