durangoko merinaldearen amankomunazgoa

twitter facebook rss

zarea

Herriak

Elorrio

“Zirika eta ironia egoeraren beltzari itzuli onargarria eskaintzeko moldeak dira”  2015-04-20  Elorrio

Iturria: www.durangon.com

-Poesia eta musika uztartzen dira Itsaso Gutierrezekin batera Elorrioko Iturri Kultur Etxean, datorren ostegunean, aurkeztuko duzun ‘Zure hatzaren ez galtzeko’ proposamenean. Zer-nolako ikuskizuna da?
-Musika eta irakurketa elkartzen dugu ordu bat kasik irauten duen ikusgarri batean. Nire azken poema bildumako olerkiak dira, poesia politiko-sentimentalak. Funtsean entzulea bidaia batera gonbidatzen dugu.

-Poema-bilduma “landu eta aberatsa” eskaintzeaz gain zure esperientzia bital eta estetikoak biltzen omen dituzu obra horretan. Hala da?
-Bai, uste dut landua eta aberatsa izateaz gain liburu baketua dela Zure Hatzaren ez Galtzeko, aurrekoak baino lasaiagoa, gai latzak eta minberak ukitzen dituela hargatik, hala nola krisia ekonomikoa edo bakartasuna…

-Badu zerikusirik zure gaur egungo idazkerak, 1974an argitaratu zenuen ‘Herria’ lehen poemarekin? 
-Neurri batean bai, hitzaren hariari tiraka ari izan naiz denbora horretan guztian, baina tematika hor dago beti, norberaren barrua eta denok partekatzen dugun kanpoa, biak gatazkatsuak eta gatazka iturri.

-Zure olerkien abiapuntua ‘ni neu poetikoa’ izateaz gain, egunekotasunarekiko konpromisoa, sistemaren kontrako jarrera eta arreta linguistikoa direla diozu. Zer dela eta aukeratu dituzu ezaugarri horiek?
-Hurbiltasuna eta gauzen zein egoeren apaltasuna ditut hobetsi idazteko orduan, menturaz nire helburu poetikoetatik bat gertatzen denaren lekukotasun moduko bat ematean datzalako. Helburu zaharkitua agian.


Amaia Ezpeldoi

-Poesia eta nobela tartekatzen dituzu. Nola egituratzen duzu zure lan egiteko era?-Gustatzen zait luzeraz eta eremuz aldatzea, poesiak nobela hazten duela eta alderantziz. Ez naiz sekula aspertzen idaztea zenbaitetan denboraz estu eta eskas nagoen arren.

-Zirika, ironia eta kritika tartekatzen dira zure nobeletan. Agian poesiarekin erakusten duzun errebeldia puntuaren beste ikuspegi bat emateko?
-Zirika eta ironia niretzat egoeraren beltzari itzuli onargarria eskaintzeko moldeak dira, kontuan edukiz iparraldekoa izanez, besteak beste, hiltzen doan jendarte batekoa naizela, desagertzear dagoen hizkuntza batean idazten dudala eta abar…

-1994 urtean Amaia Ezpeldoi detektibea protagonista zuen ‘Bakean ützi arte’ nobela argitaratu zenuen eta harrezkero beste hirutan izan da protagonista. Pertsonaia hori idazlearen alter egoa da?
-Batzuetan bai eta gehienetan ez, ezen Amaia Ezpeldoi ni baino lantsuagoa eta ausartagoa baita. Bost nobela daude bai eta han hemenka publikatu ikerketa-ipuin laburragoak.

Herriak

atzera
 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Euskaraldia
Euskaraldia
Harpidetu
bizkaiko foru aldundia eusko jaurlaritza

Euskara Zerbitzua · Laubideta, 6 · Durango, 48200 BIZKAIA

Telefonoa: 94 623 25 22

euskera.mdurango@bizkaia.org

twitter facebook rss

CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna

iametza